Pertsona gehienek, ziurrenik, jolasak ez dituzte jarduera kaltegarritzat joko; izan ere, gure bizitzan, makina bat jolasetara jolastu gara. Jolasa gizakiari datxekion jarduera bat da, eta…
Historiak dio zorizko jokoak Kristo aurreko 3000. urtetik daudela gure artean eta, orduan, egungo dadoaren antzeko zerbait sortu zela. Zorizko jokoek aurrera egin dute, harik eta…
Modu presentzialean edo analogikoan, offlinean edo klasikoan egiten direnak bereiz daitezke, baita online jokatzen direnak edo modu teknologikoan edo birtualean jokatzen direnak ere…
Definizioa
Zorizko jokoen definizioa
Pertsona gehienek, ziurrenik, jolasak ez dituzte jarduera kaltegarritzat joko; izan ere, gure bizitzan, makina bat jolasetara jolastu gara. Jolasa gizakiari datxekion jarduera bat da, eta gure aisialdia betetzeko eta ongi pasatzeko erabili izan dugu. Bai eta zenbait gaitasun garatzeko ere: fisikoak (kirolak), ikaskuntzakoak (matematika), sozialak (jendaurrean hitz egiteko trebetasunak entrenatzea), kognitiboak (hizkuntza, orientazioa…), afektiboak (enpatia, frustrazioarekiko tolerantzia) eta abar. Hala ere, JOLASTU ALA JOKATU · JUEGA O APUESTA programan, zorizko jokoez eta kirol-apustuez ari gara, alegia, nerabezaroan arazo bilaka daitezkeen jolasez.
Helduak garen aldetik, badakigu apustua dakarten jokoak, zoria tartean denean, kaltegarriak izan daitezkeela (Gabonetako afalondo eta bazkalondoetan kartetan jokatzean izaten diren lehiak gogoratu besterik ez dugu). Hori dela eta, halako jokoen aurrean guztiok gara zaurgarriak, baina, bereziki, nerabeak.
Hala, baliteke nerabe baten senitartekoren batek zalantzak izatea, besteak beste: zer dira zorizko jokoak? Kirol-apustuak zorizkoak dira? Saia gaitezen zalantzok argitzen!:
Alea iacta est! Entzungo zenuen inoiz, beharbada, esaera hori; latinetik dator, eta zoria jada jokatuta dagoela esan nahi du. Latinezko “alea” hitzak zorizko jokoa, zoria edo patua esan nahi du. Halakoak dira joko-mota hauek. Azken emaitza zoriaren araberakoa da; haren sinonimoa ausazkotasuna da // aurreikusi eta saihestu ezin diren zenbait kasualitate batzea//, bingoan bola bat irtetea edo pokerrean kartak banatzea, esaterako.
Zorizko jokoak honela sailka daitezke: batetik, zoriaren eragina soilik duten joko puruak, hala nola hazkatzekoak, loteria eta kinielak, bingoa eta makina txanponjaleak. Eta, zoriaz gainera, trebetasuna ere tartean duten beste joko batzuk: kartak, dadoak, kirol-apustuak… Azken horietan, estrategiak erabil daitezke, baina ez dute inola ere aldeko emaitzarik bermatzen.
Probabilitateen kalkulu matematikoa ausazkotasunari aurrea hartzeko erabiltzen den estrategia nagusia da.Nolabaiteko abantaila lor liteke, baina ez du emaitzarik bermatzen; izan ere, zoria, definizioz, ezin da iragarri. Zenbait jokoren emaitzak, bingoarenak, erruletarenak eta makina txanponjaleenak, kasurako, aurreikusezinak dira: ez dago jakiterik karta-ukaldia, bingoko txarteleko zenbakiak, jokalariren bat lesionatuko ote den, etab. Joko horietan, irabazteko aukera erreal eta txikia dago, baina zoriz.
Joko batzuetan probabilitateak kalkulatuz emaitza batzuk aurreratzeko aukera egonik ere, gaur egun zorizko joko eta kirol-apustuen industria oso errentagarria da, eta etekin ekonomikoak oso handiak.
Kirol-apustuen definizioa
Eta kirol-apustuak? Zorizko jokoen arteko mota bat dira: partida edo norgehiagoka baten emaitza asmatzean dautza. Jokoaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiaren arabera, Espainian jokalari gehien dituen jokoa da.Etekinen zati handi bat horietatik dator, eta bezeroak esponentzialki gehitzen ari dira.
Kirol-apustuen mundua hobeto ezagutzeko eta inguruko nerabeek zertaz hitz egiten duten ulertzeko, komeni da kuotez hitz egitea // Zerbitzu baten preziotzat joz gero, errazago ulertuko dugu. Zein webgunetan erosiko zenuke jaka bat, denetan prezio bera balu? Kirol-apustuetan, baliabideak optimizatzeko, kuotaren gaineko informazioa eskuratu behar da, jakaren kasuan prezioa eskuratu behar den bezala. Balioa apustu-etxeak ezartzen duenez, hark zehazten du irabazia//.
Kirol-apustuaren adibidea:

Esate baterako, Real Betisek Real Sociedaden kontra jokatuko du. “Betaequis” apustu-etxeak euro 1 eta 20 zentimoko kuota ezarri du. Alegia, asmatuz gero, euro 1 eta 20 zentimo irabaziko dira jokatutako euro bakoitzeko.Betisen alde 10 € jokatu eta irabazten badugu, kopuru horri euro 1 eta 20 zentimo biderkatuko diogu, eta, ondorioz, irabazia 12 €-koa izango da. Baina hasierako apustua kendu eta benetako marjina 2 €-koa dela kontuan hartu beharra dago.
“Betaequis” etxeak partidarako ezarritako kuota asmatzeko zailtasunaren arabera da handiagoa ala txikiagoa. Eta, gainera, kuotaren prezioa aldatu egiten da, daukaten informazioaren edo norgehiagokan jokatzen den diru-kopuruaren arabera. Dena dago kalkulatuta; beraz, errentagarria aterako zaie beti. Irabaziaren marjina (Payout ·//apustu-etxeek sarietara bideratzen duten diru-kopurua//·) kuotek markatzen dute, % 0tik % 10era bitartean. Apustu-etxeek beren zerbitzuak erabiltzeagatik kobratzen duten komisio-modukoa da.

Jatorria
Jatorria

Historiak dio zorizko jokoak Kristo aurreko 3000. urtetik daudela gure artean eta, orduan, egungo dadoaren antzeko zerbait sortu zela. Zorizko jokoek aurrera egin dute, harik eta gure aisia-kulturaren baitako industria bilakatu arte; pertsona batzuek joko-mota horiek hautatzen dituzte ongi pasatzeko aukera gisa.
Zorizko jokoek historian izan duten eta egungo egoera azaltzen duen rola ezagutu nahi baduzue, hemen kontsulta dezakezue nola iritsi garen gizarte-fenomeno masibo honetara.
Zibilizazio greko-erromatarrean, indar handia hartu zuten, eta esan beharra dago, bide batez, enperadoreek bertan debekatzen zituztela jai ez ziren aldietan. Europan, Erdi Aroan, estatuak zorizko jokoak galarazi zituen, erlijio- eta etika-arrazoiengatik (antza denez, baziren ondasun guztiak jokatuta erabateko pobrezian erortzen zirenak). Hala ere, gizartearen goiko klaseari jokatzeko gune batzuk baimentzen zizkion (zailagoa zen dirurik gabe geratzea), eta ezartzen zituen zergekin aberasten zen.

Europan, debekuak mugarria izan ziren zorizko jokoen erabileran. Klase ekonomiko altuko pertsonek antolatutako apustu-etxeak haientzako aisia-lekuak ziren, eta txiroak ezin bertan sartu; jokatuz gero, zehapena ezartzen zieten. Garai hartan, karta-jokoak inportatu ziren Ekialdetik.
Loteriak Italian eta Holandan du jatorria (XIV. mendea), eta, hasiera batean, jendaurrean egiten zen zozketa zen, aipatu herrialdeetan aski zabaldua. Irabaziak karitatezko ekintzetan, azpiegituretan eta abarretan inbertitzen ziren. Espainian, lehen loteria-zozketa Madrilen egin zen (1763), Estatuaren diru-sarrerak biltzeko eta areagotzeko; 100 urte geroago, kendu egin zuten. Beste joko batzuk pixkanaka onartu ziren: Loteria Nazionala (Cádizko Gorteak, 1811), egun Gabonetako Loteria izenez ezagutzen duguna (1812) edo Erregetako Loteria (1879).
XX. mendean, joko-eskaintza eta -plataforma berriak sortu ziren, eta, hala, zorizko jokoen kontsumoa areagotu egin zen:
- Lan humanitarioaren aldeko Gurutze Gorriaren zozketak: loteria (1924) eta Urrezko Zozketa (urrezko lingoteak, 1980).
- ONCE (Espainiako Itsuen Erakunde Nazionala, 1939) itsutasuna duten pertsonen mesederako sortu zen. Hasieran herrialde-mailakoa bazen ere, 1984an nazio-mailakoa bilakatu zen. Cuponazo delakoa sortu ondoren (1997), XXI. mendean joko-modalitate berriak sustatu dira, hala nola Eurojackpot, Combo, SuperONCE, Sueldazo, Triplex eta abar.Nabarmentzekoa da Harraskatzekoen sorrerak (2005) eragin zuen eztabaida, mendekotasuna zekartelako, egun ere pil-pilean dagoena.
Azpimarratzekoak dira futbolaren inguruan egiten diren apustuak (1946), hala nola Kiniela. Aurrez aurreko lehen kirol-apustu arautua da, kirol tradizionaletan aurreko mendeetan ere egiten ziren apustuak. Aipatu kirola oso hedatuta zegoenez, denboraldi hartan zazpi partidaren amaierako emaitza zehatzaren gaineko apustua sortu zen. Harrezkero, gaur egungo jokatzeko modura arte bilakatu da: etxeko taldea irabazlea, berdinketa edo bisitaria (1X2).-
Lehen kasinoa Venezian inauguratu zen (1638), eta berehala hedatu ziren. Alabaina, Europan, erruleta agertu ondoren, zentsuratu egin ziren, baita apustu-etxeak ere. Espainian, kasinoak eta apustu egiteko beste modu batzuk debekatuta egon ziren, 1923tik 1977ra; orduan legeztatu zen joko klandestinoa..
-
Loteriak aurretik baimendu ziren, eta geroago bingo-aretoak (1980), ostalaritza-esperientziak ere eskaintzen zituztenak (egun ezagutzen ditugun bezala).
- Jolas-makinak (1980), zeinak ostalaritza-establezimenduetan sartu ziren, besteak beste taberna eta kafetegietan.Baina, hori bai, Europako beste herrialde batzuetan ez zen gauza bera gertatu, establezimendu horietan sartzeari uko egin baitzioten. Beharbada, horregatik bilakatu dira joko zabaldu eta problematikoenak Espainian.
- Egungo loteria primitiboaren jatorrizko loteria 1985ean berrezarri zen, eta beste joko-modu batzuk ekarri ditu (Joker, 2012).
- Gainera, beste joko batzuk ere sortu ziren nazio-mailan (Bonoloto (1988), Loteria Primitiboko Sari Nagusia (1993), Euromilioiak (2004), etab.), baita erkidego- eta toki-mailan ere, lekuan lekuko kultur tradizioen arabera.
Loteria eta apustuen zozketak ugaritu egin zirenez, 1985ean Estatuko Loteria eta Apustuen Estatuko Sozietatea (SELAE) izenez ezagutzen dugun erakundea sortu zen, Estatuko jokoak kudeatzen dituena, hala nola kirol-apustuak eta ONCEren zozketak (1978ko Espainiako Konstituzioan esleitutako eskumenak egikarituta). Kasino, bingo eta jolas-makinetako jokoak, berriz, autonomia-erkidego bakoitzak kudeatzen ditu.

2000. urtean, online jokoa baimendu zen Espainian; kasino-jokoetan eta apustu-etxeetan sartzeko aukera eman zen. 2008an, Madrilen ezagutu zen lehen apustu-etxea aurrez aurre, Europako herrialdeek zuzendua. Era berean, online eta aurrez aurreko jokoen eta SELAEren jokoen arauketak, 2011. urtean, erabateko aldaketa ekarri zuen zorizko jokoen eskaintzaren panoramara: aisiarako modu bat. Gainera, 2013an web bidezko makina txanponjaleak, pokerra eta kirol-apustuak baimentzean, bezero-kopurua nabarmen hazi zen.
2000. urteaz geroztik, hots, Espainian online jokoa sartu zenetik, zorizko jokoen online eskaintzak legezko arauketa urri eta laxoa zuen, eta publizitatea, aldiz, inbaditzailea, kontrolik gabea, jarraitzaileak irabaztekoa. Online mailan, zenbait joko-modalitate antzinako jokoen bertsio gisa sortu ziren (erruletak, bingoak, dadoak, etab.). Hori dela eta, Estatuko online eta aurrez aurreko joko-jarduerak arautzeko eta kudeatzeko erakundeak sortu ziren (Jokoaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusia; Jokoaren Politiken Kontseilua).
Gaur egun, Jokoaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiak zorizko jokoak arautzen ditu, hainbat eta hainbat joko-modalitateri lizentzia ematen die, eta teknologia garatzen ere laguntzen du. Oraintxe bertan, Espainiatik ia ekitaldi- eta gertaera-mota orotan egin daiteke apustu:
- Zinema-galak: Oscar sariak, Urrezko Globoak… Atal bakoitzean saritutakoen inguruko apustua egiten da. Eta musika-mundukoak: Grammy, MTC… artista onenari, urteko bildumari…
- Nobel sariak: apustu-etxeek faborito guztiak jartzen dituzte ikusgai, eta bezeroek apustuak egiten dituzte. Apusturik zabalduena Bakearen Nobel Saria da.
- Edertasun-lehiaketak, hala nola Munduko Miss Lehiaketa.
- Presidentetzarako hauteskundeak, AEBkoak, kasu.
- Jaiotzak eta heriotzak: etorriko eta joango direnekin lotuak. Esate baterako, bikote ospetsu baten haurtxoaren sexuaren, jaiotza-dataren eta beste hainbat konturen inguruko apustua egin daiteke. Edota famatuen heriotzaren ingurukoa. Porra gisara aukera daiteke nor, noiz eta nola hilko den, besteren artean.
- Joko Olinpikoak: zein herrialdek lortuko ditu domina gehien? Zenbat puntu egingo dituzte saskibaloiko partida batean?…
- Mundu osoko bideojoko-partidak: League Of Legends (LOL), Counter-Strike (CE), Call off Duty (CD)…
- Telerrealitateko saioak: La Voz, Gran Hermano, American Idol… Honako hauen inguruko apustua egiteko aukera ematen dute: nork irabaziko du? Nork izango du puntuaziorik onena edo txarrena? Nork irabaziko du proba jakin bat?
Zer dela-eta fenomeno masiboa?
Joko-operadore garrantzitsuenetako batek //zorizko joko arautuak eta legezkoak eskaintzen dituen enpresa// oso argi dio zergatik bilakatu den jokoa familia-tradizio bere EuroJackpot-en sustapenean //Euromilioien antzeko apustu-jokoa, zenbaki jakin batzuk asmatzean datzana//.
Iragarkiaren arabera, EuroJackpot-en zergatik jokatzen duzun jakiteko, hainbat belaunaldi atzera egin behar duzu, “hereditarioa” baita.
Hala, zorizko jokoak eta kirol-apustuak entretenitzeko modu bilakatu dira, neurri batean; zenbait kulturari dagozkie, eta zenbait helduk kontsumitzen dituzte, eta, ondorioz, zenbait nerabek ere bai. Nafarroako Foru Komunitatean, ohitura handia dago aisialdian zorizko joko eta apustuetan aritzeko, nagusiki esku-pilotan eta herri-kiroletan. Euskaraz, gainera, “jolas” eta “joko” hitzak ditugu, JOLASTU eta JOKATU bereizi egiten direlako, zori eta lehiaketa aldagaien arabera. Ekintzak konnotazio horiek badakartza, JOKATU erabiltzen dugu; JOLASTU diogunean, berriz, gainerako jolasez ari gara, ongi pasatzeko direnez. Horrexegatik da, gure ustez, JOLASTU ALA JOKATU jokatzea noiz izan daitekeen arazo transmititzeko modurik onena, alegia, zoria eta lehia noiz dauden jokoan adieraztekoa.

Egun, Herri Kirolen Federazioak 14 modalitate arautzen ditu, eta kirol horiek diru-kopuru deigarriak eta handiak mugitzen dituzte. Eta ez soilik kirolarien apustuen aldetik, baita publikoaren aldetik ere.

Horrez gain, esku-pilota, historikoki, oinarria izan da Nafarroako kulturarako; kirol honetan apustu egitea tradizioa da ia. Aisia emateko modu bilakatu, asko hedatu eta Lege Itunduan arautu zen (1841). Lege horrek, zorizko jokoak debekatu arren, apustuetako galerak erreklamatzea baimentzen zuen, 1977ra arte: orduan utzi ziren legez kanpo eta baimendu ziren zenbait zorizko joko.
Gure garaitik gertueneko historia Nafarroako Foru Legeen bidez (besteak beste) ezagut daiteke; legeok kasinoen, jokoen eta apustuen gaineko eskumenen eskuratzea arautzen dute, bai eta makina txanponjaleak (1990; partiden denborak, itzuli beharreko zenbatekoen ehunekoak, etab.) eta jokoaren tasa ere. 2006an, lokalen publizitatea eta adingabeen sarbidea arautu ziren, baina bingo-aretoetan baino ez zen aplikatu. Legeria zaharkitu horrekin, hirugarren sektore sozialak hainbat eskaera egin bazituen ere, Nafarroako Jokoaren Kontseilua (2008) sortu zen, eta gero Apustuen eta Zorizko Jokoen Erregistroa (2011; bide batez, zorizko joko mota guztiak lokalizatu ziren, baina ez kasinoetakoak).
Hori guztia kontuan hartuta, zorizko jokoak eta kirol-apustuak, legez, mendekotasuntzat jotzen dira. Egun Zorizko Jokoaren Nahasmendua izendatzen duguna Droga eta Mendekotasunak Prebenitzeko III. Planaren bidez arautzen da (2015). Nahiz eta 2019-2021 bitartean joko-lekuen irekiera eten egin zen, Iruñeko herritar batzuen iritziz arauketa ez da nahikoa. Hori dela eta, auzoka batuta, apustu-etxeak ugaritzearen eta haiek gazteengan eragin dezaketen inpaktuaren kontra daudela aldarrikatzen dute.
2019tik, herriek egiten dituzte (bat egiten ari dira) osasun publikoko arazo honi aurre egiteko ekimenak, helburu oso argiak jomugan: Zorizko Jokoaren Nahasmenduaren garapena prebenitu eta mendekotasunaren tratamenduari buruzko informazioa eman (Babeserako Foru Legea; Noainen Joko-aretoak Arautzeko Ordenantza; irekierari, kokapenari eta publizitateari buruzko araudi protekzionista).
Jokoaren modalitateak
Aurrez aurrekoa
Hainbat modutan izendatzen da: analogikoa, offline, klasikoa… Aurrez aurre jokatzeko modalitatea da. Jokoak dauden lekuetara bertara joan behar da. Bakoitzak bere lekua du: nagusiki, txanpon-makinak eta kirol-apustuetarako makinak dituzten loteria-administrazioak dira, ONCEren postuak, kasinoak, joko-aretoak, apustu-etxeak eta ostalaritza-establezimenduak. Bingo-aretoak ahaztu gabe!
Orain arte, espainiarren joko-modalitate gogokoena da. Zehazki, apustuak eta loteria dituzte gustukoen. Nagusiki, helduei esleitzen diegu zaletasun hori, gazte adindunen aldean; gazteek, teknologia berriak indarrez sartu direnez, etorkizunean joko digitala nahiago izango dute.

Nahiz eta online jokoa jokatzen hasteko edo jokoari eusteko arrazoia izan, berez, adingabe nafar gehienek aurrez aurreko modalitatea hautatzen dute, ostalaritza-establezimenduetako edo joko-aretoetako apustu-makinetan. Hala, NANa eskatzen duten adin-kontrolak eta eskuragarri ez dituzten banku-datuak eman behar izatea saihesten dituzte. Era berean, aurrez aurreko jokoak benetako harremanak, parez parekoak, izateko aukera ematen die. Haien esanetan, kuadrilletan ohikoa da apustuak taldean edo azpitaldeetan egitea (“Nafarroako gazteengan zabaldutako zorizko jokoen errealitatea ezagutzen”, 2021eko azterlana).
Nolabait, aurrez aurreko jokoaren gaineko iritzia hobea da eta onartuago dago gizartean, oro har. Pertsona batzuek sekula jokatzen ez duten arren, ezta noizbehinka ere, prebalentzia-azterlanek erakusten dute guztiok jokatu dugula gure bizitzan inoiz zorizko jokoren batean aurrez aurre, baina ez online. Eta horren arrazoia da, hein batean, ostalaritzan jokoak eskura daudela; hala, haien erabilera normalizatuta dago, entretenimendurako kultura ere bilakatu da.

Hori funtsezkoa da gure kulturan mahai baten inguruan egoten garelako harremanetan, neurri handi batean, jateko eta edateko. Ia edozein gauza ospatzeko, kuadrillak horretarako geratzen dira. Beraz, afarien prezioak bingo-aretoetan merkeagoak badira, eta koktelenak joko-aretoetan, lagunarteek halako tokiak aukeratuko dituzte, ziurrenik.Gainera, ostalaritza-establezimenduetan txanpon-makinak edo kirol-apustuetakoak aurkitu ohi ditugu (Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan ez bezala, proposamena baztertu baitzuten), eta “Hemen gaudela aprobetxatuta…”.
Azkenik, nabarmendu behar da zorizko jokoekiko harreman kaltegarria garatu duten pertsonen lehen jokaldiak aurrez aurre izan zirela, joko-arazoen bilakaera aztertzen duten ikerketen arabera. Ondoren, jokatzeko modua aldatu egiten da: edozein modalitatetan egiten da apustu, zorizko joko mota guztietan. Horrez gain, aintzat hartu behar da teknologia berriak indarrez sartu izanak aldaketa eragin duela honelako jokoen erabiltzailearen profilean: jada ez dira soilik mutilen jokoak.
Online
Jokatzeko modu teknologikoa da, birtuala. Sakelako telefonoaren, ordenagailuaren edo tabletaren pantailaren bidez jokatzen da. Hainbat eta hainbat webgune edo aplikazio aurki ditzakegu loteria-txartelak erosteko, kirol-lehiaketetako apustuak egiteko edo pokerrean, erruletan edo makina txanponjaleetan jokatzeko (modalitate honetan, Slot esaten zaie), eta ziur asko ezagunak ditugu.

Jokatzeko modu honek anonimatuari eusteko aukera ematen du. Eta, dirudienez, neska adindunek nahiago dute horrela jokatu (% 57). JOLASTU ALA JOKATU · JUEGA O APUESTA programan genero-ikuspegia kontuan hartzen duen edukia garatzeko erreferentzia gisa hartutako iturri adituen arabera, joko-aretoak, kasinoak eta abarrak gizonei esleitu izan zaizkie tradizioz; hortaz, eremu hau ere “ez dagokie haiei”. Maskulinitatea dibertitzeko moduen arabera ere definitzen da, eta horietako bat apustu egitea izan da. Horregatik, neska batzuek, oraindik ere, gune horiek liskartsutzat eta segurtasunik gabekotzat jo ditzakete, eta litekeena da bertan deseroso sentitzea eta beraientzako lekurik ez izatea. Kasino edo aretoetara joan ohi diren emakumeengan, jokoa, beharbada, arazo bilakatu da dagoeneko. Bingoak, berriz, “emakumezkoen” joko-aretotzat jotzen dira sozialki, eta txanpon-makinetan ere jarduten dute; andreek aurrez aurreko bi zorizko joko mota horiek aukeratzen dituzte. Nolanahi ere, joko-modalitate bat edo beste aukeratzeak generoak hautaketan duen eragina erakusten du; ezkutuan ibiltzearekin eta zuhurtasunarekin zerikusia duenak lotura handiagoa du neskekin, baita loteriek ere. Kontua da sozialki zigortuak izatea saihestea, alegia, gizarteak ez epaitzea, eta, horretarako, ez da jendaurrean jokatu behar.
Online jokoa eta aurrez aurrekoa desberdinak dira. Lehena jokatzeko arrazoi bat da, berez, eta aurrez aurrekoak baino mendekotasun handiagoa sortzen du. Zorizko jokoei arriskuak gehitzea da; gazteen errutinan sartzeko eta bertan irauteko bide ematen du, sakelakoa beti daramatelako aldean eta, ondorioz, beti dutelako jokatzeko parada, eskuragarriak dira. Frogatuta dago, gainera, joko-modalitate honek errealitatetik urruntzen duela, aurrez aurreko jokoek baino gehiago. Pertsona batek, orduaz jabetuta, zera dioenean bezala: “Zein azkar igarotzen den denbora, 3 ordu daramatzat hemen eta ez naiz konturatu ere egin!”.
Baina zergatik dira hain erakargarriak zorizko jokoak? Galderari erantzuteko, joko-mota hauen diseinuaz hitz egin behar dugu: nolakoak diren, zein zirrikitu duten, zein ezaugarri…
- Patricia Martínez Redondo experta en género y adicciones:
Tutorías en Red
- “1/2 Webinar perspectiva género en programas prevención consumo drogas” (30-09-2020).
- “2/2 Webinar perspectiva género en programas prevención consumo drogas” (15-05-2020).
- “Jornada Género y adicciones: juego patológico en tiempos de Covid-19.Propuestas profesionales de intervención” (20-05-2021)
- “Addictive Behaviours: Exploring the role of gambling motives and attachment in adolescent and young women”. Laura Macía Ana Estévez, y Paula Jauregui (Universidad de Deusto, 2022)]
Zorizko jokoen eta kirol-apustuen diseinua
Nola diseinatzen dira?

Zorizko jokoen barne-diseinua, bilgarria eta abar elementu garrantzitsuak dira, eta haiei buruz mintzatu beharra dago. Poker-partida batean edo loterian apustu egiteko esperientziaz gainera, esperientzia sentsoriala eskaintzen dute.Jokalarientzat atsegingarriak dira.
Jakina, online jokoan gehiago bultzatu dute, baina aurrez aurreko jokoetan ere aplikatzen dute. Diseinuaren aldetik erakargarriak dira, eta, zehazki, nerabeentzat; tentagarriak dira, eta tentazioari eutsi egin behar zaio. Estetikari dagokionez, efektu bisualak garatu dituzte, bai eta mugimenduan dauden irudiak ere, kalitate handikoak. Gainera, haiekin interakzioan jardun dezakegu, gai batzuen inguruan (beldurra, kirolak, fikziozko pertsonaiak edo abenturetakoak…) girotuta dauden txanpon-makinekin edo erruletarekin, adibidez.
Adimen artifiziala

Adimen artifiziala ere aipatu behar da, hots, makinen ikasteko gaitasuna. Zorizko jokoei online formatuan eta aurrez aurrekoan aplikatzen zaie tresna teknologiko hau. Beharbada, adimen artifiziala nola aplikatzen den hurbileko adibideak ikusiz ulertuko dugu errazago. Siri adimen artifizialaren sorkuntza da, sakelako telefonoetarako; benetako laguntzaile baten antzeko funtzio birtualak ditu, agenda aurrera eramaten, hitzorduak kudeatzen eta beste hainbat gauza egiten laguntzen du. Eguraldia ere iragartzen du, taxi bat eskatu edo telefonoz deitzen du, hori egiteko eskatzen badiozu…
Baina gainera, denborarekin, ikasteko eta egokitzeko gai da. Zenbait kontsulta egin ahala, gure lehentasun bereziak ezagut ditzake, eta gustuak pertsonalizatzen ditu jatetxeak bilatzeko orduan, esaterako.
Beraz, nola ez dira baliatuko adimen artifizialaz zorizko jokoetan? Joko-operadoreek teknologian inbertitzen dute, hura dute euskarri. Esate baterako, kasinoetan, adimen artifiziala ahots bat edo aurpegi bat ezagutzeko (gure sakelakoa desblokeatzen dugunean bezala) edo iruzur bat antzemateko erabiltzen dute. Orobat, teknologia honen bidez, zenbait datu aztertu eta beste aldean nor jokatzen ari den aurresan daiteke, esaterako, eta jokalari abantailatsuak ezagutu. Nola daiteke? Makinek jokalariaren portaera aztertzen dute, eta, horretarako, inbertitzen dituen denborari eta diruari, haren trebetasunei eta abarri erreparatzen diete.
Online jokoaren publizitatean ere aplikatzen da adimen artifiziala. Egun, baliteke zure joko kutunenei buruzko publizitate zehatza aurkitzea, eta ez da kasualitatea, aurretik egin dituzun kontsultetan oinarritzen baitira. Nola esan ezetz? Ahoan gozokia jartzea bezala da. “Zergatik eta zertarako jokatzen dute nerabeek zorizko jokoetan eta kirol-apustuetan?” atalean, publizitatearen gaineko aipamen berezia dago, bertan aurkituko duzu informazio gehiago.
Aurrez aurreko eta online zorizko jokoen egiturazko diseinua
Alde batetik, aurrez aurreko eta online zorizko jokoen egiturazko diseinua azalduko dugu:
Hau da, nolakoa da jokoaren barne-diseinua? Nola antolatzen dira jokoak, programazioaren ezaugarriak eta, beraz, joko-mota hau eskaintzeko modua?
Joko hauek bereizgarri bat dute: emaitza berehala eskuratzen da, alegia, oso azkarrak Eskuarki, ez da denbora asko itxaron behar saririk egokitu zaizun jakiteko. Hori garrantzitsua da; izan ere, ez da gauza bera 5 egun itxarotea edo 10 minutu itxarotea; mendekotasun-izaera sustatzen du. Itxaroteko denborarik ez egoteak jokatzera bultatzen du; zirrara hori berriro sentitzeko beharra sortzeko modu bat da, galdu bada ere. Gainera, pertsona bat konektatzen den unean, joko-mota orotarako sarbuidea izaten du, zuzeneko kirol-apustuetan bezalaxe.- Ordainketa birtualak egiteko aukerak zorizko jokoetan inbertsioa areagotzea dakar. Dirua kreditu- edo zordunketa-txartelen bidez erabil daiteke. Diru birtualak ez du aukerarik ematen gastatutako diru-kopuruaren eta galeren gaineko kontzientzia hartzeko. Gainera, jokoa neurtu beharra dagoela ikusten ere ez du laguntzen. Apustu egiten jarraitzera eta dirua berreskuratzera bultzatzen du; gurpil zoroan sartzen zara. Eskudiruak, sozialki, birtualak baino balio handiagoa du.
Zorizko jokoetan, garaipenak simulatzen dira, eta horrek edozein pertsona nahasten du, nerabea izan ala ez.Garaipen faltsuak ospatzen dira, argi eta soinuekin; hots, diru-itxurako sariak lortu izana, baina, benetan, inbertitutako diru-kopurua gainditu gabe, askotariko apustuetan bezalaxe, esaterako. Gainera, galerak nola ezkutatzen dituzten aipatu behar da. “Gutxigatik ez duzu irabazi”, “Zenbaki bategatik” eta abar erabiltzen dituzte, baina, benetan, galera da. Nolabait, bezeroek sinesten dute joko hauek pertsonen trebetasunen araberakoak direla, ez zoriaren araberakoak; definizioz, iragarrezina, saritua izateko oso aukera urriarekin.
Horrek zorizko jokoen ezaugarri kaltegarrienetako bat definitzen du. Jokoak iraun bitartean, jendeak sinesten du emaitza kontrolatzeko gai dela, apustua edo jokoa menderatzeko gai (kontrol kognitiboaren distortsioak). Zenbait motiborengatik, baina, normalean pertsonek uste izaten dute zorizko jokoekin bereziki trebeak direla. Legez debekatuta dago, horren harira, publizitateak nabarmentzea joko-mota hauen emaitzak trebetasunen eta estrategien araberakoak direla, eta ez zoriaren araberakoak; ez da erreala.
Online modalitateko zorizko jokoak inguratzen dituzten ezaugarriak
Eta, bestetik, online modalitateko zorizko jokoak inguratzen dituzten ezaugarriak:
- Erraz sar daiteke haietan: sakelakoan, tabletan edo ordenagailuan joka daiteke, eguneko edozein ordutan eta etxetik irten gabe. Beraz, errazagoa da gehiagotan jokatzea, aurrez aurrekoetan baino, autobusaren zain gaudenean edo kafe bat hartzen ari garenean, adibidez.
- Irisgarritasunak, zalantzarik gabe, joko-mota hauek askoz ere eskuragarriago egotea dakar: jokatzeko prest, eguneko edozein ordutan. Gainera, joko-eskaintza handia dago.
- Formatuak intimitatea eta anonimatua ahalbidetzen ditu: jendea erosoago sentitzen da berarengan eragina duten beste pertsona batzuengandik urrun dagoenean. Familia- eta gizarte-ingurunean, besteak beste, jokoa ezkutatzeko modu erraza da. Eta, gainera, ez du aukerarik ematen jokoarekiko arazoa dagoela konturatzeko eta haren ondorioez jabetzeko, eta, horrez gain, joko konpultsiboa sustatzen du, bai eta substantzien kontsumoa ere.
ZER DIRA AUSAZKO JOKOAK ETA KIROL APUSTUAK?
Autoebaluazio galdetegia
Galdetegi erraz honen bidez, gauza berririk aurkitu dituzun jakin nahi dugu. Eskerrik asko zure laguntzagatik. Hobetzen jarraitzen laguntzen diguzu.
AUTOEBALUAZIOARI
ZER DIRA AUSAZKO JOKOAK ETA KIROL APUSTUAK?
Galdera
Zure erantzuna
Erantzun zuzen
Please wait..
↺Asmatu duzu {{SCORE_CORRECT}} / {{SCORE_TOTAL}}
Zure erantzunak

