JOLASTU ALA JOKATU · JUEGA O APUESTA programan, komenigarria deritzogu familia barruan joko problematikoari buruz prebenitzea. Zehazki, familia gehienek zailtasunak…
Nafarroako Foru Komunitateko zorizko jokoen gaineko azterlanak sektoreko profesionalek, familiek eta nerabeek zorizko jokoen problematikari buruz…
Erreferentziako pertsona heldu gisa prebentzio-mezu egokia zabaltzeko, funtsezkoa da zenbait kontu argi izatea. Lehenik eta behin, gogoratu beharra…
Ziur gutariko askok modu irrealistan entzun dugula zorizko jokoei buruz hitz egiten. Izan ere, mito anitz dago joko hauen gainean…
Ezagutu dituzun jokatzeko arrazoi horiengatik guztiengatik, 0 jokoa da Zorizko Jokoaren Nahasmendua prebenitzeko eta horretatik babesteko modurik onena. Hala ere…
Abiapuntua
Jakinaren gainean egon behar duzue
JOLASTU ALA JOKATU · JUEGA O APUESTA programan, komenigarria deritzogu familia barruan joko problematikoari buruz prebenitzea. Zehazki, familia gehienek zailtasunak dituzte jokatzea noiz den arazo antzemateko, batez ere joko hauetan aritzearen ondorioak ez direlako drogen kontsumoak sortutakoak bezain nabarmenak. Eta funtsezkoak zaretenez, lehen ezkutu babeslea!, “jakinaren gainean” egon behar duzue.
Esan genezake jokatzea jarduera normaltzat jotzen delako iritsi garela honaino, baita jarduera egokitzat ere zenbait familia eta kuadrillatan. Azken finean, jokatzea aisialdia betetzeko modu gisa onartuta dago, eta publizitateak ideia hori indartzen du.
Era berean, zorizko jokoekin loturiko arazoez ohartzea zailagoa delako, bereizgarri duten ikusezintasuna dela eta. Horrez gain, nerabezaroan gaztetxoek beren intimitatea babesten dutenez, familia batzuentzat nahiko gaitza izaten da beren seme-alaben errealitatearen zenbait alderdi ezagutzea (badu zentzurik).
Gainera, Patricia Martínez Redondo adituak dioenez, beharrezkoa da neska nerabeen familiek zorizko jokoei eta kirol-apustuei dagokienez duten zeregina nabarmentzea. Gizartean, uste zabaldua da neskak gehiago jabetzen direla mendekotasunei loturiko arriskuez, “horretan ez da eroriko”. Hori dela eta, jokabide arriskutsu batzuek ez dute hainbesteko kezkarik sortzen. Are gutxiago apustu egiteak, zeina “mutilen jokotzat” jotzen den. Alabaina, neska nerabeek ere jokatzen dute. Kasu gehienetan, bikotekidearen eskutik hasten dira zorizko jokoan, droga-kontsumoan gertatzen den bezala; substantzia batekiko mendekotasuna edo joko-nahasmendua garatzen dutenean, ez diote jokatzeari uzten, ezta hurrik eman ere, eta gero eta gastu handiagoa egiten dute zorizko jokoetan, mutilek ez bezala, baita behin harremana bukatuta ere, baina arazoa geroago garatzen dute. Mendekotasun-prozesua maltzurra da.
Aldi berean, zuok zarete pertsonarik aproposenak! Zientifikoki frogatuta dago zuok, gurasook, joko-mota hauek zein arriskutsuak bihur daitezkeen hausnartzen laguntzen diezuela. Beraz, hasi hizketan! Haien kabuz egitea zailagoa da, baina familiarekin batera beren bertsiorik onena susta daiteke!
Hautematen
Nola hautematen dira zorizko jokoak eta kirol-apustuak?
Nafarroako Foru Komunitateko zorizko jokoen gaineko azterlanak sektoreko profesionalek, familiek eta nerabeek zorizko jokoen problematikari buruz duten pertzepzioaren berri dakar. Zalantzarik gabe, oso lagungarria izan zaigu JOLASTU ALA JOKATU · JUEGA O APUESTA programa osatzeko orduan.
Gazteek, oro har, jokoa kaltegarria ote den hartzen dute aintzat, ia beti erosahalmenaren eta jokaturiko diru-kopuruaren arabera. Argitu beharreko kontua, dudarik gabe.
Profesionalek ohartarazten dute nahasmendu honek familiak ez dituela tartean substantziaren bat dutenek bezainbeste kezkatzen, “beste batzuei gertatzen zaie”. Sintomak sumatu arren (gehienbat psikologikoak: suminkortasuna, aldarte-aldaketa, gezurrak…), ez dituzte zorizko jokoekin eta kirol-apustuekin zerikusia duten arazoekin lotzen; beren errealitatetik urrun dagoen arazoa da.
Azkenik, familiak egoera hauetan ohartzen dira seinale jakin batzuk zorizko jokoekiko arazo baten adierazle direla:
- Errutinan aldaketak daudenean: goizaldean jaikitzea norgehiagokak ikusteko edo kuotak etengabe aztertzea.
- Etxean dirua falta dela jabetzean: diru-zorrotik hartutako kopuru txikiak, lapurreta txikiak, gauza txikiak saltzea. Sakelako telefonoa dirua eskuratzeko sarri galtzea edo lapurtzea.
- Dirua etengabe eskatzen dutenean, beren gastuetarako nahikoa emanda ere, edo beste senide batzuei dirua eskatzea.
- Zorizko jokoetan inbertituriko dirua berreskuratzeko beharra
- Apustuak edota zorizko jokoak elkarrizketen ardatza Ziur aski, familiartean ez dira lagunartean bezain ohikoak.
- Bakarrik jokatzen dutenean.
- Jokoa kontrolatu ezin dutenean.
- Neurrigabeko erreakzioak dituztenean, hala nola oldarkortasuna, urduritasuna edo suminkortasuna.
Gomendioak
Zorizko jokoei eta kirol-apustuei heltzeko gomendioak
Erreferentziako pertsona heldu gisa prebentzio-mezu egokia zabaltzeko, funtsezkoa da zenbait kontu argi izatea.
1. Lehenik eta behin, gogoratu beharra dago haurrek imitazioz ikasten dutela, horregatik da garrantzitsua zorizko jokoei eta kirol-apustuei dagokienez helduok eredu izatea. Mezu argi eta irmoa helarazi behar dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da joko-mota hauekiko desadostasuna adieraztean koherenteak izatea. Hots, mezu bikoitzak, kontraesanezkoak, ekidin behar dira. Nerabeentzat arriskutsua da joko hauetan aritzea, nerabezaroan bereizgarri duten zaurgarritasuna dela eta.
Gainera, garrantzitsua da familian arriskurik gabeko giroa aurkitzea, zorizko jokoei eta kirol-apustuei dagokienez. Garrantzitsua da, halaber, egunero jokoan aritzea normaliza dezaten saihestea, alegia, egunero loterian, mus-partidetan, ohiko kirol-apustuetan eta kafea ordaindu osteko bueltekin makina txanponjaleetan jokatzea.
2. Bigarrenik, nerabeen zaurgarritasunari dagokionez, ezinbestekoa da zorizko jokoen arriskuei garrantzirik ez kentzea. Izan ere, nerabezaroan, arriskuarekiko erakarpena inflexio-puntu bat da. Hain zuzen ere, neurri handi batean, nerabe bakoitzaren nortasun zehatzaren araberakoa da joko-mota hauek bereziki erakarrita sentitzea edo mendekotasun-nahasmendua garatzeko joera izatea.
3. Hirugarrenik, esan bezala, beharrezkoa da nerabeen ondoan egotea, laguntza ematea. Hau da, gure arreta eskaintzea eta eguneroko bizimoduan zer egiten duten jakitea, alarma-seinaleren bat piztuz gero konturatu ahal izateko. Familia batzuentzat, nerabeengana iristea gaitza izaten da, alderdi emozionalari dagokionez. Gainera, familia askok ez dute inbaditzaileak izan nahi, gaztetxoei beren intimitaterako tokia utzi behar zaiela iritzita. Era berean, bi errealitate osagarri dira, gauza batek ez du bestea kentzen. Gauza bat da zorizko jokoen arriskuen gaineko haien pertzepzioaz mintzatzea eta beste bat haien intimitatea asaldatzea edo haien konfiantzari traizio egitea.
4. Azkenik, solastatzeko guneak sortzea funtsezkoa da, zorizko jokoez eta apustuez zein beste edozein gaitaz mintzatzeko. Eta naturaltasunez egitea, gaia ez dadin tabu bihurtu. Familian gaiaz hitz egiteko aukera ematea, joko-mota hauetan jokatzen hasi dela susmatu ala ez; joko hauei buruz zein iritzi duten jakiteko modu bat da, eta guraso gisa aukera paregabea da!
Baliteke nerabeek oraindik ere joko-mota hauek “xalotasunez” hautematea. Baina entzun egin behar zaie, abiapuntua zein dugun jakiteko eta eztabaidari ekiteko! Orain, prestatuago zaudete zorizko jokoen eta kirol-apustuen konplexutasunari heltzeko eta, gaia ezagututa, laguntzeko. Halere, ideia batzuk emango dizkizuegu elkarrekin hausnartzen laguntzeko.
Funtsezko ideiak
Zorizko jokoen eta kirol-apustuen gaineko pentsamendu kritikoa garatzeko funtsezko ideiak
Ziur gutariko askok modu irrealistan entzun dugula zorizko jokoei buruz hitz egiten. Izan ere, mito anitz dago joko hauen gainean, ez digutenak zorizko jokoak eta beren arriskuak nolakoak diren garbi ikusten uzten. Hori dela eta, gure aburuz, familian pentsamendu kritikoa garatzea guztiz beharrezkoa da, distortsio kognitiboen ondorioei “aurre egiteko”:
Sari bat irabazteko errefortzua, beste mendekotasun-nahasmendu batzuetarako bezala, oinarri zerebraletan islatzen da. Tartean substantziarik izan ez arren, mendekotasuna da: jokatzeko nahia kudeatzea ezinezkoa da, eta kontrola gal daiteke.
Jokoak eragindako galera ekonomikoak berreskuratzea alarma-seinalea da, jakina. Jokoa pertsonaren kontrolpetik kanpo dagoela adierazten du, diru-kopurua edozein izanda ere. Nahiz eta diru-kopuru txikiak jokatu edo ez izan zorrik, joko-arazoa sor daiteke.
- Beste alarma-seinale bat dirua irabazteko asmoz jokatzea da, askok horretarako jokatzen dute. Baina jakin badakigunez, nahi hori nahiko urrun dago errealitatetik. Alde batetik, kontuan izan behar da dirua galtzea jokoaren parte dela. Bestetik, halako motibazioak saihesteko, funtsezkoa da dirua egokiro erabiltzen eta balioesten erakustea. Komeni da gastuak eta kopuruak planifikatzea, eta gastuaren helburuak ezartzea, astero kopuru jakin bat edo beharra dagoenean (arropa, aisia, etab.) emanez. Nork bere burua hobeto antolatzen duen moduan.
- Sozialtzat jotzen den modu batean jokatzea Zorizko Jokoaren Nahasmenduaren adar armatua bihur daiteke. Zorizko jokoen diseinuak gero eta diru gehiago, eta maizago, jokatzeko beharra areagotzen du, pixkanaka.
- Zenbat diru edo zenbat aldiz galtzen den aintzat hartu gabe irabaziei soilik erreparatzea distortsio kognitiboa da. Pentsamendu-akatsa, errealitatearen pertzepzio partziala adierazten eta joko problematikoa garatzeko aukera handitzen duena.
- Pertsona batzuek ez dutela jokatzen ohartarazi behar dugu, beren aisialdia bestelako jarduera entretenigarriekin betetzen dutela. Horretarako, aisialdirako bestelako aukerak sustatu behar dira. Eta azpimarratu behar da jokatzea norberaren hautua dela, ez talde-mailakoa. Nerabeen artean, ohikoa da beren burua autodeterminazioarekin loturiko jokabideen arabera (helduok gisa jokatzea) balioestea/aitortzea; alta, beharrezkoa da familian horri buruz mintzatzea, beren berdinen aldetik halako jokabideen arabera balioetsiak izateko beharra ez garatzeko moduko autokontzeptu sendo nahikoa gara dezaten.
Tarteka denok dugula hainbat arazo alde batera uzteko eta ahazteko beharra azaldu behar da, osasungarria ere badela esanez. Argi utzita, aldi berean, badaudela zorizko jokoak ez diren entretenitzeko beste aukera batzuk. Zer bururatzen zaizu ihesbide gisa? Kontuan hartu behar da, beste edozein mendekotasunerako bezala, apustuak egitea ez dela arazoei aurre egiteko modu osasungarria.
-
Aisialdia esperientzia batez gozatzeko denbora-tartetzat jo behar dugu: zinemara joateagatik ordaindu eta film bat ikusteko esperientzia irabazi. Zorizko jokoei begira, gauza bera izan beharko litzateke: apustu bat egiteko ordaindu eta kuadrillan “ematen duen jokoaz” gozatu. Interesgunea jokoan bertan dago, ez da aldatzen.
- Publizitateari dagokionez, haren helburua bezeroak irabaztea da. Agerikoa da zorizko jokoak apustuetatik etekinak eskuratzen dituen industria baten parte direla, sari gisa % 2 bakarrik itzultzen duen industriaren parte. Nork oparituko du halako mozkin-iturri oparoa?
- Zorizko jokoen diseinuak saria norberari suerta dakiokeelako ilusioa sortzen du, eta horrek jokatzea sustatzen du. Zein unetan irabaz daitekeen ez jakiteak konpultsiboki jokatzera bultzatzen du, frogatuta dago “engantxatu” egiten duela. Hementxe hasten da “ea zortea dudan”
Ekintza jakin batzuk sariak irabaztearekin lotzea ez dator bat joko-mota hauen errealitatearekin. Zorizko jokoetan, sariak ausaz banatzen dira. Izan ere, ez dago loturarik saria irabaztearen eta bikotekidearekin jokatzera joatearen, arropa jakin bat jantzita jokatzearen, beti loteriako zenbaki bera jokatzearen eta abarren artean. Apustu-makinak ez dira zer arropa daramazun jakiteko gai.
- Joko hauen nolakotasunari buruz kontzientziatu beharra dago: zorizkoak dira, eta gertaerak ausaz gertatzen dira. Hortaz, emaitzak ezin dira aurreikusi, ezta zerbait gertatzeko aukerak kalkulatu ere. Saria eskuratzeko aukerak ez dira jokalariek zenbait estrategiaz baliatzeko dituzten trebetasunen bidez zehazten, edo kirol jakin bati buruz asko jakiteagatik, besteak beste. Hain zuzen ere, publizitatean debekatuta dago zorizko jokoak manipulatu egin daitezkeela aditzera ematea, eta sariak irabaztea jokalarien trebetasunen mende dagoela, ez zoriaren mende. Itxuraz, badago emaitzak kontrolatzea, besterik gabe tekla jakin batzuk ukituz. Alabaina, sari moduan kopuru txiki bat besterik ez itzultzeko programatuta daude, ausaz eta aldizka itzuli ere.
- Zorizko jokoen diseinua dela eta, Adimen Artifiziala (AA) aipatu behar dugu, alegia, makinen ikasteko gaitasuna. Tresna teknologiko hau zorizko jokoei ere aplikatzen zaie, bai online jokoei bai aurrez aurrekoei. Joko-operadoreek teknologian inbertitu eta beren helburuak betetzen laguntzeko baliatzen dute. Kasinoetan, esaterako, ahotsa edota aurpegia ezagutzeko erabiltzen da (gure sakelako telefonoa desblokeatzen dugunean bezala), edo iruzurra sumatzeko. Horrez gain, beste aldean nor jokatzen ari den aztertzen dute; jokalari onuragarriak zein diren, adibidez, haien portaerari erreparatuz (zenbat diru eta denbora inbertitu duten, zer-nolako trebetasunak dituzten, etab.). Online jokoaren publizitatean ere aplikatzen da. Egun, zure joko gogokoenei buruzko publizitatea aurki dezakezu, aldez aurretik egin dituzun kontsultetan oinarrituta; nola eutsi?
- Errealitatea da bideojokoetan elementu batzuk (armak, jantziak…) kutxak, gutun-azalak edo kaxak… erosiz soilik eskura daitezkeela: “loot box” edo harrapakin kutxak dira. Partidan, ausaz-zorizko moduan agertzen dira (Espainian, arautzen eta zenbat aldiz agertzen diren mugatzen saiatzen ari dira, mendekotasuna sortzeko gaitasun handia dutelako). Apustua bezalakoa da, benetako diruarekin beharrezkoa duzun zerbait kobratzen da, zeinak kutxa eduki dezakeen, edo ez. Antzekotasun hori du zorizko jokoekin. Orain arte, doako jokoak finantzatzeko modu bat izan da, baina, kasu askotan, jokatzearen funtsa, dibertitzea, hain zuzen ere, desitxuratu egin da. Baliteke jokalari batek, batzuetan, elementu ezohiko bat bilatzea, partida jarraitzeko ezinbestekoa.
Eta jokatzen badute?
Arauak eta nola saihestu arriskuak
Ezagutu dituzun jokatzeko arrazoi horiengatik guztiengatik, 0 jokoa da Zorizko Jokoaren Nahasmendua prebenitzeko eta horretatik babesteko modurik onena. Hala ere, badakigu xede hori ez zaiola askoren errealitateari egokitzen.
JOLASTU ALA JOKATU · JUEGA O APUESTA programan, galdera hau egiten diogu geure buruari, eta gaiaz hausnartzera gonbidatu nahi zaituztegu: gazte zaurgarrienen kasuan, badago zorizko jokoetan eta kirol-apustuetan arriskurik gabe jokatzeko moduren bat?
Hortik aurrera, zenbait arrisku ezaugarri hauek betetzen badituzte bakarrik saihets daitezkeela uste dugu, bestela arazoa izan baitaitezke.
- 18 urte baino gehiago izatea
- Noizean behin eta beste norbaitekin jokatzea beti
- Jokatzen ematen den denbora mugatzea
Apustu edo partida batean inbertitzen den denbora ez ezik (pare bat minutu, lehenengo kasuan), zorizko jokoetatik erator daitezkeen jarduera guztiak ere aintzat hartu behar dira: informazio-kanaletara etengabe jotzea eta emaitzak gainbegiratzea, kuotak kontsultatzea, informazioa eta kanalak jokoaren estrategiak “hobetzeko” irakurtzea edo ikustea… - Joko-maiztasuna mugatzea
Modu anitz dago hau egiteko. Kirolen arabera, norgehiagoka klasikoetan, partida-kopurua mugatuz, txapelketen arabera, jokalarien arabera, etab. - Jokatzen den diru-kopurua mugatzea
- Gardentasuna irabazietan eta galeretan
- Ez “jokatzea bero-beroan”
Dirua irabazi edo galdu ondoren berriro jokatu nahi izateko bulkada da. Galdu bada, dirua berreskuratzeko beharrak eragiten duen desira sortzen da. Pentsamenduan, distortsioak azaleratzen dira, hala nola “orain bada garaia”(jokalariaren falazia). Alderantziz, irabazten denean, “boladan nago” erako pentsamendu irrazionalak ohikoak dira. Sari bat irabazi osteko euforiak joko-mota hauetan jokatzeko nahia azaltzen duten oinarri biologikoetan eragiten du. Halako pentsamendu irrazionalei aurre egiteko, nahitaezkoa da apustuaren edo jokoaren emaitzaren artean eta berriz jokatzearen artean zentzuzko denbora-tartea uztea.
- Hausnartzea
Agertu al dira zorizko jokoetan etengabe pentsarazten diguten gogoetak, aurretiko jokaldiak berriz bizitzen saiatzeko edo etorkizuneko apustuak, estrategiak eta abarrak planifikatzeko? Jokatze hutsagatik jokatzeko interesa galdu eta orain ardatza alderdi ekonomikoa, entrenamendua eta abar al da? - Behatzea…
Zorizko jokoetan eta kirol-apustuetan jokatu ezin izateak ezinegona edo urduritasuna sortzen du. Edo, apustu bat, partida bat… galdu ondotik, ezohiko erreakzioak izaten dira (umore txarra, oldarkortasuna, haserreak…).
ZEIN DA FAMILIAREN ZEREGINA?
Autoebaluazio galdetegia
AUTOEBALUAZIOARI
FAMILIAREN ZEREGINA
Galdera
Zure erantzuna
Erantzun zuzen
Zure erantzunak